23 abendua, 2020

Blog KE Innova

JAIOTZ(E)AREN DUINTASUNA

Hainbeste muga eta neurri zorrotzak ezartzen zaizkigun garai, eta etsipena, ezina, pobrezia ageriago gelditzen den bizi dugun egoera honetan, datozen egunak, hain zuzen, besteriko mezu zabaltzailea eta salbatzailea bizitzeko eta geureganatzeko aukera eskaintzen digute: beldurrik eta mugarik gabe, bakez eta onez, gertakari guztiak -gertatutako/gertatzen ari den guztia- gogoan hartuz, barruan hausnartu (Cf. Lk 2,10.19; 51b). Proposamen hau ez da berria, orain dela 2000 urte baino gehiago eman zen, baita ere; baina bai gure esku, berria eta berritzaile izatea. Gainera, ustegabean gauerdian gertatutako Jaiotza eta Jaiotze baten inguruan emana. Hark, gure historiaren arrastoari beste kolore bat eman zion. Agian, gaurkoa ere zerbait kolorezta dezake. Badaezpada, orduko printza batzuk berriro entzutea, eskuratzea eta leku egitea komeni, gu eta egoera bera ere gauerdian baigabiltza. Eta, agian, ordu hori (gauerdia) argia hobekien antzematen den unea izan daiteke. Ekialdeko jakintsuen antzera, sortaldean Izarra berezi edota berri bat ikusteko eta jarraitzeko unea (Cf. Mt 2,2); edota, artzai haiek bezala, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen zeundela aintza berezi batek argiz inguratu zituenean, berrion pozgarri bat entzuteko unea (Cf. Lk 2, 8-11).

Bizitzako gauerdiko ilunpean, edozein argi txiki ere salbatzailea eta aintza gerta daiteke.

bizitzako gauerdiko isiltasunean, bapatean oparitzen zaigun hitz bat beldurra, etsipena alde batera eraman dezaken bakezko berrion pozgarria gerta dakigute (Cf. Lk 2, 13). Lagundurik edota bakarrik, mantsoago edota azkarrago. Baina, beti, emana izan zaigun eta baitan dugun kemena gogoan hartuz. Orduan eta gaur. Horrek itxaropenez betetzen gaitu! Noski, beharrezko, pauso bat, bederen, ematea, ikusi eta entzundakoa gertakari bihur dadin.

Guk ere, gauden zurrunbilo horretatik mugituaz, elkarri esan diezaiokegu: “Goazen Belenera Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera” (Lk 2,15); ospakizun hauetan, apaltasun eta xumetasun osoz, Salbamenezko Argi eta Hitz txiki hau eskaintzen baizaigu: “Han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana” (Lk 2,16). Gainera, haurra ustegabeko lurraldean, ustegabeko estalpean jaioa, baina horrek ez zion duintasunik kendu, ez zion oparitu zitzaion izenik aldatu. Jaiotzearen duintasunak azkeneraino iraun zuen: Emmanuel, Jesus, Jauna gurekin.

Horrelako mezu batekin topo egiteak, egunerokoan, bide berriak urratu ditzake, orduko jakintsuen antzera: “Gero, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera” (Mt 2, 12); edota artzainen antzera: “Entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren” (Lk 2, 20). Jakinik, Ireneo Eliz gurasoak zioen bezala, Jainkoaren aintza gizakia bizitzea dela.

Bizia eskaintzen digun Hitzarekin aurkitzen garenean, beraz, ezinbestekoa besteentzat ere berriona eta argia izatea.

Jaio zen Harengandik besteari ere jaiotz(e)agatik datorkion bizitza duinean laguntzea; bestearen aintza zaintzea. Dohaina eta, horregatik, eginkizuna eta erantzunkizuna: norberarekiko, besteekiko -gehien sufritzen dutenekiko, bereziki- eta kreazioarekiko.

Badirudi, gainera, aurtengo egun hauetan, kosmosak berak opari berezi bat eskainiko digula: ‘Belengo Izarra’ ikusteko aukera. Kasualitatea, probidentzia, misterioa?

Duintasunez, oinak lurrean edukiaz, aurten bereziki, Begirada zabaltzeko eta Hitza, gogoan hartuz, sakontzeko eta barneratzeko aukera gal ez dezagula.

Egu(n)berri, Gabon-onak bakoitzarentzat eta guztiontzat!

 

Egilea: Arantza Jaka, Kristau Eskolako Pastoraltza arduraduna.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu