28 ekaina, 2023

Blog KE Innova

2022-2023 Ikasturte Amaiera

Ikasturte amaiera iritsita, Kristau Eskolako hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiongana hurbiltzen naiz, ikasturte honetan eraiki eta antolatu dugun guztia eskertzeko. Bakoitzak bere berezitasun eta aberastasunetik, eguneroko konpromiso eta lanarekin, Kristau Eskolaren historian kapitulu berri bat idatzi dugu.

Partekatu ditugun foro eta espazioek elkar hobeto ezagutzeko aukera eman digute. Elkarrengandik ikasi dugu, familia handi bateko kide izateak pizten digun maitasun eta hurbiltasunetik. Guri begira dugun gizarte zabalaren aurrean ere, Kristau Eskolaren ahotsa ikusarazi dugu, gure nortasunetik eta misiotik, gizarte inklusiboago eta kohesionatuago bat eraikitze aldera.

Azken bederatzi hilabetetan egindako lan handiak Kristau Eskolaren historia osatzen du; eta zailtasunik falta izan ez bada ere, behin eta berriz, ilusioa eta gogoak indartu zaizkigu sortzen dijoazen erronka berriei erantzuteko.

Etenaldirako unea da orain. Udako oporrak. Atsedena. Merezitakoa eta beharrezkoa. Irailean ikasturte berri bati ekiteko indarberritzen eta sendotzen gaituena.

Agur esan baino lehen, Kristau Eskolako Zuzendaritza Nagusian egin dudan lehen urte honetan eskaini didazuen harrera eskertu nahi dizuet ere. Ilusioz, ikasiaz, entregaz eta konpromisoz betetako urtea izan da niretzat. Etxean sentitu naiz, familia artean. Gainontzekoek egiten duzuen bezala, nire aletxoa jarriaz elkartzen gaituen hezkuntza proiektuan, horrenbeste eskaini didana, lehen irakasle bezala eta orain beste modu batera. Eskerrik asko, bihotzez.

Opor onak eduki ditzazuela. Laster elkartuko gara berriro bidea egiten jarraitzeko.

Besarkada bat.

María Eugenia Iparragirre Bemposta, Kristau Eskolako Zuzendari Nagusia. 

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu