Azken urteotan ardura handia egon da ikastetxeetan ongizatearen inguruan: eskola jazarpena izanda arreta handiena jaso duena, bestelako egoera asko batu ditzakegu, hala nola, autolesioak, antsietatea, mendekotasunak gailu digital edota apustuei geroz eta adin txikiagoetan… problematika aniztasun honi aurre egiteko asmoz, ikastetxe orok ongizate koordinatzaile bat izendatu beharko du aurrerantzean. Baina, behin koordinatzailea izanda, ikastetxeengandik ondorengo galdera heltzen zitzaigun: nola sustatu daiteke ongizatea ikastetxe batean?
Galdera horri erantzuteko eta ikastetxeei jarduera-esparru integral bat eskaintzeko sortu dugu GuGan, hain zuzen ere, gaurkoan aurkezten dizuegun programa.
Oinarrian, neuro-zientziaren ekarpena eta ikastetxeen praktika
Carme Timoneda (Gironako Unibertsitatea) neuropsicopedagogian aditua eta Kristau Eskolako hainbat ikastetxe izan ditugu programa hau garatzen bidelagun. Alde batetik, neurozientziaren azken urteko ondorioek oso irizpide zehatzak eta zuhurrak eskaintzen dizkigu ongizatearen oinarrien inguruan eta bestetik, hauek ikastetxean praktikara eramateko baldintzak eta eraginkortasuna zehaztu nahi genituen. Ezer baino lehen, aipamen eta eskerron berezia luzatu nahi genioke Herrikide Ikastetxeari, adimen emozionalean estatu mailan erreferente izanik gurekin programa garatzen laguntzeagatik eta baita ere, pilotu moduan GuGan programa beraien ikastetxeen praktikara eraman duten ikastetxeei: Ama Guadalupekoa, Antoniano, Madre de Dios eta Inmaculada.
Azkeneko lau urtetan elkarrekin eginiko lanari esker, gaur, edozein ikastetxetan txertatu daiteken programa bat eskaintzeko aukera dugu, ongizateari modu global batean erantzuteko gai dena eta praktika errealean frogatutako eraginkortasun baten bermearekin.
GuGan programaren gakoak
Neurozientziatik, ikastetxeetan ongizatearekin lotutako ikusten ditugun jokabide anitzak ulertu eta onbideratzeko mandatu argi bat iristen zaigu: ez da nahikoa jokabideari erreparatzearekin, jokabide hori nola sortzen den ulertu behar dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da gure garunak bere osotasunean nola funtzionatzen duen ulertzea.
Garuna arrazoiarekin eta pentsamenduarekin lotzen badugu ere, beste alderdi bat ere badugu bere muinean, garun emozionala. Kanpotik ikusten duguna, jokabidea, barruan ditugun bi alderdi hauen arteko kudeaketaren menpe dago.
- Hezkuntza emozionalaren garrantzia
Neurozientziak ematen digun ikuspegi honi esker, ongizatea sustatu nahi izanez gero, gure garunaren alderdi emozionalari arreta jarri behar diogula dakigu. Alderdi hau gure bizirauterako diseinatua dago, eta arrisku bat hautematen badu, alarma jo eta gure gorputzeko mekanismo guztiak automatikoki martxan jarriko ditu gu babesteko. Hau gertatzen denean, gure burmuinaren alderdi kognitiboa, pentsatzeko, arrazoitzeko eta erabakiak hartzeko ardura duena, jokoz kanpo geratzen da eta beraz, ezin dugu gure jokabidea kontrolatu.
Hau da, hain zuzen, ikastetxeetan bizitzen ditugun hainbat jokabide disruptiboen oinarrian dagoena, defentsa jokabideak, zeintzuk gure ongizate fisiko eta psikologikoa babesteko sortzen diren.
Adimen emozionala trebatzea da beraz ikastetxeetan ongizate pertsonala, soziala eta akademikoa sustatzeko giltzarria.
- Hezkuntza emozionalaren oinarrian harremanak daude
Neurozientziak aditzera ematen digun bigarren gakoa emozionalki osasuntsuak diren inguruak sortzeko, lehenik eta behin harremanei erreparatu behar diegula da. Garunaren alderdi emozionala bizitzen dugunarekin osatzen da, ez pentsatzen dugunarekin. Bizipen emozionalaren aldagai garrantzitsuena, jaiotzen garenetik, gure hezitzaile eta inguruko pertsonekin ditugun harremanak dira. Eta zehazki, harreman horietan nola sentitzen garen. Hau, aldi berean, hezitzaileen (guraso zein irakasle) konpetentzia sozio-emozionalen baitan eratzen da, eta haiek haurrarekin kalitatezko binkuluak sortzeko gaitasunean. Gure ikasleengan ongizatea bultzatzeko giltza gugan dago beraz.
GuGan programaren dimentsioak: prebentzioa eta esku-hartze onbideratzaileak
Ongizateari erantzun integrala eman ahal izateko, GuGanek bi planotan egiten du lan: alde batetik, prebentzioan, hau da, ikastetxe emozionalki osansutsu baten oinarriak ezartze aldera haurrek txikitatik bere konpetentzia sozioemozionala eta jokabidearen kontrola garatu dezaten, eta bestetik, defentsa-jokabideak edo jokabide-disruptiboak onbideratu ahal izateko esku-hartzea.
Zerk desberdintzen du GuGan?
Ongizatea eta adimen emozionala berriak ez diren kontzeptuak izanik, neurozientziak azken urteetan emandako aurrera pausoek begirada aldaketa sakon bat eskatzen digute ongizatearen inguruan planteamentu egoki bat egiteko. Orain arteko ekimenak ondorengo faktoreengandik mugatuak izan dira:
- Defentsa-jokabideak fenomeno isolatu gisa hartu dira, eta horietako bakar batzuei zuzendu dira (adibidez, eskola-jazarpenean).
- Jokabidea aldatzera mugatu da, kontuan hartu gabe zerk eragiten duen, arazoaren muinera iritsi gabe, eta horren atzean dagoen min emozionala onbideratu gabe.
- Hezkuntza emozionala “aparteko” eduki gisa hartu izan da, une jakin batzuetan landu beharreko diziplina gisa, ikastetxeko ohiko lanaz aparte egin beharreko zerbait balitz bezala.
- Hezkuntza emozionala, nagusiki, alderdi kognitibotik heldu zaio: horri buruz pentsatu da, berbalizatu, gogoeta egin, emozioak aztertu.
- Ikaslearen gaitasun sozioemozionalak landu dira batik bat, hezitzailea bigarren mailan utzita edo erabat baztertuta.
GuGan hobeto ezagutu nahi duzu? Eskuragarri duzue GuGan programaren liburua, zeinek marko teorikoa eta horren aplikazioaren oinarriak jasotzen dituen, baita ikastetxe pilotuen praktika onak ere.
Ezagutu baita ere, GuGan programaren ezarpen ibilbidea: bagoaz, bagabiltza, bagara.
Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero: aarostegi@kristaueskola.eus.