Koronabirus izurritearen egoerak hezkuntzaren egitekoan duen eragina eta sortzen dituen erronkak
Hezkuntzaren eta, bereziki, oinarrizko hezkuntzaren egitekoa, bizitzarako prestatzea da eta zeregin hori beti dago testuinguruko baldintzen baitan. Koronabirus izurritearen egoerak bizitzeko baldintzak aldatu egin ditu. Hori horrela da eta ez dago ukatzerik, baina zein irizpidetan oinarrituz hartu behar dira, egoera berri horretan, bizitzarako ondo prestatzeko ikastetxeetan hartu beharreko aldaketa erabakiak? Ondorengo lerroak, hausnarketa hori egiteko saiakera bat da.
1.- Etengabeko aldaketa eta ziurgabetasun egoeran bizi gara. Ez izutu.
Gaurko gizartea aurrekoa baino askoz ere konplexuagoa da eta gauzak gero eta bizkorrago aldatzen ari dira. Zein diren gaurko gizartearen ezaugarri nagusiak eta horiek zehaztasunez deskribatzea gai zabala eta luzea da. Are gehiago etorkizuneko gizartearen ezaugarriak igertzea. Irakurketa bat baino gehiago egin daiteke, baina guztietan ukaezina den ezaugarria ziurgabetasuna da. Jarraian adierazle batzuk:
- Zer lan-mota, zenbat lan-mota, zenbat ordu, non egingo dute lana eta non biziko dira belaunaldi berriak? Lanpostuen mugikortasun geografikoa gero eta handiagoa eta egingo ditugun lanak gero eta aldakorragoak izango dira.
- Zientziaren eta teknologiaren ekarpenak zertan eragingo dute eta nora eramango gaituzte?. Besteak beste, adimen artifizialak, robotak; bizitzaren iraupena; fekundazioa; garraioak,…?
- Nolakoak izango dira garapen jasangarriaren ondorioak bizimoduan?
- Nola banatuko da agintea munduan eta Euskal Herrian?
- Gizarteko erabakietan partaidetza eta demokrazia gehiago eskatzen dugu, baina era berean sistema autoritarioak indartzen ari dira.
- Globalizazioaren eraginez, mugikortasuna eta hizkuntza eta kultura aniztasuna gero eta handiagoak dira. Nola ziurtatu euskararen eta euskal kulturaren jarraipena?
- Mundu ikuskerak, baloreak eta bizitzaren arrakasta ulertzeko erak askoz ere ugariagoak eta sarritan kontrajarriak dira. Adibidez, familiaren eredua kolokan dago.
Orain Koronabirus izurritearen egoerak astintzen gaitu, gure bizimodua aldatzen du eta ziurgabetasuna sortzen. Jarraian ikusiko dugunez, gertakari honek baditu berehalako ondorioak ikastetxeen egitekoan, baina komeni da gertakari hau etengabeko aldaketa eta ziurgabetasun egoera barruan kokatzea. Bihar edo etzi, Konorabirusaren ordez beste gertakariak etorriko dira, baina ez gaitu ustekabean harrapatuko eta hain urduri jarriko, baldin eta aldaketa eta ziurgabetasuna eguneroko ezinbesteko giroan kokatzen badugu.
2.- Etengabeko aldaketa eta ziurgabetasun egoerei aurre egiteko biderik egokiena zehar-konpetentziak lankidetzan –familiarekin batera- eskuratzea da.
Nola prestatu belaunaldi berriak, ezezaguna zaigun bizimodurako, existitzen ez diren lanpostuetarako, asmatu ez diren teknologiak erabiltzeko, irudikatzen ez ditugun arazoak konpontzeko?
Hezkuntzaren eredu akademikoaren xedea alfabetatzea (irakurketa, idazketa, matematika) eta metatutako ezagutzaren oinarriak belaunaldi batetik bestera eskualdatzea da. Gaur egungo gizartean, ordea, hezkuntza-eredu akademiko hutsak ez du balio. Informazioaren isuria neurririk gabekoa da. Joan den urtean mundu zabalean ekoiztu zen informazioa, aurreko mendetan eta XX. mende arte ekoiztutakoa baino ugariagoa omen da. Gizakiak historian zehar sortutako ezagutza bi urteko epe motzean bikoizten omen da.
Aldaketa eta ziurgabetasun egoeran zehar-konpetentziak eskuratzea ezinbestekoa da. Zehar-konpetentziak bizitzako esparru eta egoera guztietan eraginkortasunez erantzuteko behar diren konpetentziak dira:
- Ikasten eta pentsatzen ikasi: Ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea da, ikasitakoa erabili eta beste testuinguru eta egoera batzuetara transferitzea, norberaren ikaskuntza autonomiaz antolatzeko.
- Komunikatzen ikasi: Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala modu osagarrian erabiltzea da, komunikazio egokiak eta eraginkorrak egiteko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan.
- Elkarrekin bizitzen ikasi: Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasun-irizpideekin parte hartzea da, gainerako pertsonei aitortuz nork bere buruari aitortzen dizkion eskubideak eta betebeharrak, eta horrela, ekarpen bat egitea norberaren eta guztion onari.
- Ekiten eta egiten ikasi: Ekimenez jardutea eta prozesu ekintzailea ausart eta eraginkor kudeatzea da egoera eta testuinguru pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihur daitezen.
- Izaten ikasi: Bizitzako hainbat egoera eta esparrutan norberari sortzen zaizkion sentimenduez eta pentsamenduez hausnartzea eta norberak egiten dituen ekintzez gogoeta egitea, eta, horien gainean egiten den balioespenari erreparatuta, haiek sendotzea edo doitzea; finean, pertsonaren autorrealizaziorako bidea egitea bere dimentsio guztietan, etengabeko hobekuntzaren bidez.
Arlo edo ikasgai guztietan egindako lanaren bidez sustatu eta indartu behar dira zehar-konpetentziak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan – familiako egoeretan barne- integratu edo barneratuz eskuratzen eta erabiltzen dira.
Irizpide hau ez da berria, baina Koronabirus-egoerak abagune aparta eskaintzen du familiarekin batera zehar-konpetentzia hauek lantzeko.
3.- Koronabirus-egoerak, curriculumaren edukien eta oinarrizko konpetentzien lehentasunak berrikusteko aukera eskaintzen du.
Irakasleen ikasketak eta ikastetxeen funtzionamendua ikasgaiak ardatz dituen hezkuntzaren eredu akademikoan oinarrituta dago, eta ikuspegi hori aldatzea ez da erraza. Hala ere, hezkuntzaren egitekoa bizitzarako prestatzea baldin bada, ondo bizitzea zer den jakitea eta horretarako prestatzea litzateke hezkuntzaren egitekoa.
Ondo bizitzeko gutxieneko baldintza, gizakiak eta gizarteak dituen oinarrizko beharrei erantzutea da. Oinarrizko behar horiek sailkatu daitezke era desberdinetan, baina funtsean sailkapen guztietan osagai hauek aipatzen dira:
- Behar fisiologikoak, motrizak eta osasuna.
- Segurtasunaren eta babesaren beharra. Ekonomia barne.
- Ezagutzaren eta teknologiaren beharra.
- Behar afektiboak eta sozialak.
- Behar ludikoak, estetikoak eta artistikoak.
- Bizitzari zentzua emateko beharra.
Etengabeko hezkuntzaren egitekoa da behar horiei erantzun ahal izateko konpetentziak eskuratzen laguntzea. Egokia litzateke ikas arloetan eta bizitzako beharretan oinarritzen diren curriculumen arteko alderaketa egitea eta elkar osatzea.
Koronabirus izurritearen astinduaren eraginez bizitzeko erak aldatu egin dira eta horrekin batera bizitzeko balioen lehentasunak kolokan jarri dira. Osasunaren eta segurtasunaren beharra lehen planoan kokatu da eta horrek beste behar guztiak dantzan jarri ditu. Abagune egokia da horren inguruan hausnarketa sakona egiteko.
4.- Koronabirus-egoerak, ikastetxearen eta gelaren ohiko antolaketa eta kudeaketa aldatzen du, eta irakasteko eta ikasteko metodologian eragin zuzena du.
Ezaguna da espazioaren eta denboraren antolaketak duen eragina ikastetxe barruan egiten den irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan. Azken urteetan gai honen inguruan berrikuntza interesgarriak egiten ari dira gelako espazioak eta ordutegiak birmoldatuz eta IKT baliabideak baliatuz. Eta horrekin batera, irakaslearen rola berrikusiz eta ko-irakasletza planteatuz.
Bere kabuz pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, bakarka eta taldean ekiten dakiten pertsonak hezi nahi baditugu, orain arte ezagutu ditugun gelak eta ordutegi itxiak ez dira horretarako egokiak. Erronka horretan sartuta gaudenean, Koronabirus-egoerak areagotzen digu erronka, bereziki espazioaren erronka, gainerakoak erraztu ditzazkeelako.
Ziurgabetasun egoerak ikastetxearen eguneroko bizitzan eskatzen duen malgutasuna barneratuta izateak, zehar-konpetentzien irakaskuntza curriculumaren erdigune izateak, eta ikastetxe barruko espazioaren eta denboraren birmoldaketan esperientzia izateak, lagungarriak dira Koronabirus-egoerak eskatzen dituen aldaketetara transferitzeko. Aurreko irizpide guztiak kontuan hartzekoak dira Koronabirusak sortzen duen egoerari osotasunez erantzun ahal izateko. Baina kutsadurak sortzen dituen arriskuak ekiditeko hartu beharreko neurriek, ikastetxe baten eguneroko errutinak hankaz gora jartzen ditu.
EAEko eta Nafarroako hezkuntza agintariek, Koronabirusaren aurrean jarduteko protokolo orokorra eta norabideak eskaintzen dituzte, ikastetxe bakoitzak “Kontingentzia Plana” eraiki dezan 2020-2021 ikasturterako. Norabideak ondo daude, baina azkenean ikastetxe bakoitzak, osasun-egoeraren arabera, egokitu beharko du era dinamikoan aurre ikusitako plana. Ziurgabetasun egoera honetan,
- Zein irizpidetan oinarrituz bideratu behar da ikastetxe barruan aurrez-aurreko taldeko jarduera, kutsaduraren arriskuak saihestuz eta hezkuntza proiektuaren helburuak zainduz?
Zentzuzkoa dirudi, aurrez aurreko hezkuntza-jarduera guztiontzako ezinezkoa bada, ikasteko zailtasunak eta autonomia txikiagoa dutenek jasotzea. Beti ere, ikastetxeko langileen eta ikasleen segurtasun- eta osasun- baldintzak bermatuz. - Zein irizpidetan oinarrituz bideratu behar da urrutiko jarduera, aurrez-aurreko taldeko jarduerak dituen abaguneak eta hezkuntza proiektuaren helburuak zainduz?
Egoera honek sortzen ditu, ezbairik gabe, kezkarik handienak. Ikasle guztiei, salbuespenik gabe, ziurtatu behar zaie sarbide digitala; irakasleek beharrezkoa dute IKT baliabideak kudeatzeko gaitasuna eta ikasleek horiek erabiltzekoa; egoera guztietan, baina urrutiko hezkuntza-jardueran alderdi emozionalaren eta arreta pertsonalaren garrantzia areagotzen da; familiaren inplikazioa eta koordinazio beharrezkoagoak dira, … - Zein irizpidetan oinarrituz bideratu behar da seinalatu ditugun aldaketa horiek islatzen duten hezkuntza eraberritu horren ebaluazioa? Hezkuntza-sistemaren eredu akademiko hutsak ezartzen duenak ez die erantzuten erronka berriei. Ikaslearen, irakaslearen eta gurasoen rolak ebaluazioan, eta horren araberako behaketarako adierazleak, aldaketarako eremu dira.
Aurrez aurreko ala urrutiko hezkuntza-jarduera egoeretan, bietan, Hezkuntza Proiektuaren helburuak lortzea izan behar da iparra. Horrek, curriculumaren funtsezko gaiak eta lehentasunak identifikatzea eskatzen du. Bizitzarako prestatzea bada Hezkuntza Proiektuaren egitekoa, hautatzen diren funtsezko gaien bidez zehar konpetentziak lantzea, eta gizakiak eta gizarteak dituen oinarrizko beharrei erantzutea da erronka.
Egilea: Xabier GARAGORRI, EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle erretiratua