31 urtarrila, 2022

Blog KE Innova

Ikas komunitatea ezbiolentzian trebatzen

Ikastetxeetako urteko egutegiaren baitan hainbat egun daude azpimarraturik arrazoi ezberdinengatik eta hauetako bat dugu urtarrilak 30. Indarkeriarik gabeko eta bakearen eskola-eguna. Egun hau sustatzea Mallorkako Llorenç Vidal olerkari eta bakegileari bururatu zitzaion eta 1964tik aurrera mundu mailako hainbat ikastetxe hasi ziren ekimena gauzatzen.

Zergatik aukeratu da data hau? 1948. urtean Mahatma Gandhi (Indiako independentziaren aldeko politikari bakezalea) bere herriko kulturartekotasunaren alde egin izanagatik erail zutelako. Izan ere, Gandhi hil zuten erlijio ezberdinen arteko bizikidetza sustatu nahi zuelako eta elkarren arteko berdintasunean sinesten zuelako. Besteen gainetik pasatu nahi izatea jokabide kaltegarria suertatzen dela sinesten baitzuen.

Orduan zer da egun horretan gogoratu nahi duguna? Urtarrilaren 30ean bake, kultur eta ezbiolentziaren aldeko lana ikusarazi nahi dugu; hau da, handikeriak kalteak ekartzen dituela, gatazkak era ezbiolentoan bideratu daitezkeela, aniztasunaren errespetua ezinbestekoa dela egungo gizartean eta eguneroko jarrera txikiak egokiak direnean harremanak osasuntsuak, orekatuak eta baketsuak izatea ahalbidetzen dutela.

Ziur gaude urte osoan zehar, egunerokotasunean burutzen dituzuen lanketa ezberdinetan, hainbat balio sustatzen dituzuela: aniztasunaren defentsa, komunikazio ez bortitza, enpatia, errespetua, pentsamendu kritikoa, lankidetza eta bestelako balioak sustatzen dituzuela ikastetxean burutzen dituzuen arlo eta gune ezberdinetan. Hala nola, ikasgelan, jolas-orduan, txangoetan, eskolaz kanpo antolatzen diren ekimenetan eta, oro har, ikas- komunitateko bizitzan. Eta horiek guztiak ezinbestekoak dira eguneroko jarduera horietatik ikasten baitugu, horiei esker hezten eta horietan entrenatzen baikara eguneroko bizitzan erabiltzeko.

Eskoletan burutzen dituzuen ekimenek bizitzarako entrenamendua suposatzen dutela sinestuta gaude. Ikastetxean bizi ditugun esperientziek laguntzen digute familian, lagun- artean, gure auzo eta herrian modu batean edo bestean harremantzen, bizitzen. Egungo Kristau Eskola sareko ikastetxeetan hamaika programa ezberdin dituzue, guk hauek ezagutzen ditugu eta ekarpen handia egiten dutela uste dugu:

  • Tutoretzak burutzen dituzue ikasleek irakasleei bizi duten errealitateari buruz hitz egiteko, entzunak izateko, ilusioa/kezka azaltzeko, beraientzat garrantziak dituzten gaiak lehenesteko, gelako giroan eragiteko, e.a.
  • Adostokia bezalako espazioak sortzen dituzue eskolako gune ezberdinetan. Gatazka bizi duten unean eraldatzeak duen garrantzia azalduz; bertara joan eta gatazka dutenarekin zuzenean bideratuz, elkarri esan eta entzuteko ohitura hartuz; adostasunetara iritsi eta konpromisoa burutuz.
  • Ikasle laguntzaile bezalako programa batean, lagunekin, etxekoekin bizi dituzten gatazkak aztertzen ikasten da; gatazkei aurre egiten, gatazka beraiek kudeatzen, bestearen lekuan jartzen, komunikatzen, estrategiak batera pentsatzen, desadostasunak agertzen, e.a.
  • Barnekotasuna, goizeko otoitza eta antzeko programekin bakoitzak bere buruaz kontziente egiteko aukera dauka, bere burua ezagutzeko baliabideak ematen dizkiezue, egoera ezberdinetan lasaitu eta aurrera egiteko estrategietan entrenatzen dira, e.a.
  • Bizikidetza behatokiak, a ze espazio interesgarriak! Eskolako harremanak aztertu, giroa baloratu, hobekuntzak pentsatu eta garatu, dauden gatazkak antzeman eta hauei elkarrekin irtenbideak bilatu… eta elkarrekin diogu, izan ere, ikasle, irakasle, jangelako arduradun eta begiraleek parte hartzen dutelako. Denen ekarpenekin eraikitzen den espazioa den heinean, denen helburua ikastetxean dauden bizikidetza ahalik eta errespetuzkoena izatea baita.
  • Ikasleen Batzarrak. Bai gela barrukoak, ziklo mailakoak edo eskola guztia kontutan hartzen dituztenak. Jarrera aktiboa, beraien beharretan protagonista izatera bultzatzen duten lan eskemak, ordezkaria aukeratzeak duen garrantziaz jabetzen den espazioa, ordezkatuei errespetoz eta zintzoki nola ordezkatu, adostasunetara iristeko bakoitzak agertu behar duen flexibilitatea, e.a.
  • Auzoarekin/herriko eragileekin batera burutzen diren egitasmoak ere ez ditugu ahaztu nahi. Ikastetxeak bere inguruan txertatuta dauden neurrian, elkarrekin eta modu saretuan egiten den ekimen oro, oso lagungarria izan daiteke, ekintzailetasuna eta tokian tokiko komunitatearen kontzientzia sustatzeko.

Eta ziur beste hamaika egitasmo daudela: patioaren berrikuspena, eskola bidea, baso-eskola, txangoak; naturarekiko errespetua, belaunaldien artekoak, sexu hezkuntza, ikasketa kooperatiboa, harrera egitasmoak; eta zerrenda luzea dudarik gabe. Egiten duzuen horrelako programa bakoitzarengatik, bejondeizuela! Horiek sustatzeak lan andana eskatzen du, koordinazioa, emozioak kudeatzea, metodologia berrietara egokitzea, e.a. baina aldi berean, pertsonaren ibilbidean ikasketa aberats eta beharrezko ugari direla ziur gaude. Eraldatzaileak dira bizipenetatik abiatzen baitira!

Urtarrilaren 30a egutegian dago, eta hori ere garrantzitsua da. Izan egun berezi bat eskaintzea, “bakearen astea”, edota antzeko espazioa bideratzea… Mezua ikas komunitateko partaide edota gure herriko bizilagunei (edo web bitartez mundu zabalari) ere zabaltzeko aukera ematen digu.

Urtean zehar landutako mezu eta jarrera horiei aparteko ikusgarritasuna ematen zaie, garrantzia ematen, denbora eskaintzen eta urte guztian zehar landutako jarrera horiek gureak egiten ditugu. Egunean zehar jasotzen ditugun mezu askoren aurrean, beharrezkoa da eredu hau ere ikusgarri egitea

Egun bat, aste bat edo urte osoko xirimiria… bake kultura eta bizikidetza sustatzeko bada, dena egokia! Bakeola-EDE Fundazioak arlo, eremu, programa eta aholkularitza ezberdinak eskaintzen dizkizue ikastetxe eta bestelako eragileei. Urte guzti hauetako esperientziak erakutsi digu jarrera eraldaketa egunerokotasunean lantzen dituzten ariketa, programa eta jarrera guztien batuketa bat dela.

Eta Eduardo Galeanoren hitzak partekatu nahi ditugu zuekin laburpen gisa:

Jende xume asko
gauza xume asko eginez
toki xume askotan
Mundua aldatzen ari da/gara.

Egilea: Bakeola-EDE Fundazio lan taldea. 

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu