Hitzetik ekintzara jauzi egiteko lekukoa hartua dugu eta, jada, azaro erdi aldera, begira jarriak gara. Bai, Korrikaren indarra guztia jasota eta beharrezkoa gertatzen den sakoneko emozio bizien atsedena ondoren, Euskaraldiaren hirugarren edizioari erritmoa hartzen ari gatzaizkio. Erronka, deia, erantzunkizuna eta ariketaren prestakuntza…, unea heltzerakoan, prest aurki gaitzan.
Beraz, hauxe gure helburua hitz xume hauen bidez: gogoberotzea. Gure esku dago, heldu baikoitzaren esku, hizkuntza ohiturak astintzea euskararen erabilera zabaldu, sakondu eta hazi dezagun geure artean, eta, noski, gure txiki, gaztetxo eta nerabeen artean azpimarratuaz, gure kulturatik abiatuz, uste osoz, euskerarekiko atxikimendua eta lotura piztu eta eutsi dezagun. Eginkizun ederra eskuartean jartzen zaiguna eta, aurretik, opari bezala jasoa izan duguna. Hurbilenetik abiatuz, altxorra aberastea dagokigu bere edertasunaren isladak gaurkoa eta biharko ezagutu dezan, baita ere. Merezi du!
Egun hauetan, euskararen kaleko erabilerari buruz, egunkari bateko lerroburuak hauxe zioen: “Jaitsiera eten da, baina irauli ez”. Beraz, ezin dugu lo hartu. Errealitateak erritmoan eta bizitasunez jarri behar gaitu abestiak dioen martxaren arrastoa geurea egin dezagun: “Aldapan gora, pausoz pauso. Gora. Aldapan gora”. Gogozko edota barneratutako sendotasunezko ekimenak, ohiturak, bizikizun horrek beste dinamika honetan jar gaitzan: “Aldapan behera, auzorik auzo”. Hau da, aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik… urrats sendoagoak… eragin, jendeartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Hizkuntzak behar gaitu, hizkuntza behar dugu garena izateko eta adierazteko. Hemengoak baldin bagara, hemengoak sentitzen bagara, hemengoa maite badugu, hangoari zentzu eta errespetu gehiagoz irekiko gara, eta hangoak errespetuz aberastuko gaitu.
Bestalde, hizkuntzak komunitatea behar du, hitzaren eta erabileraren bidez, bizirik eta gaurkotua jarrai dezan. Eta komunitatearen erantzunkizuna hizkuntza zaintzea eta ahalbideratzea da. Hortxe, heldu bakoitzaren zeregina, bereziki. Ez zu eta ni bakarrik; guk, baizik. Jakinik, noski, zure eta niaren batasunak eraikitzen duela gu.
Horretan gaude. Horretan dihardugu. Hori berretsi nahi dugu, pertsonalki eta sare moduan, komunitatean, herriarekin batera. Are gehiago, euskal hezkuntza-sisteman buru-belarri txertaturik egonik eta gure izatetik eta errotik hezkuntzazko bokazio edukiaz. Beraz, gonbidapena luzatzen dizugu eta dizuegu, gure sareko ikastetxe bakoitzari eta ikastetxe bakoitzeko irakasleei, ikasleei, gurasoei eta modu batera edota bestera lotura daukazuenei, datozen hilabetetan sendotasunez hitzetik ekintzara salto, hitz egin eta ekiteko. Erne egon, bada, luzatzen eta elkarbanatzen joango gatzaizkizuen berriekin, proposamenekin… Ikuspegia, kolaborazioak, elkarlana, proposamenak, kezkak, iradokizunak, gogoak… zabaltzeko prest egon. Lehen urratsa emana dugu: gaurko. Bihar, beste bat. Hurrengoan, bestea… Eta, batez ere, gaurdanik hitza emanez. Bihotzez, euskaraz ekin, eragin eta eginarazi! Euskaraz izan eta bizi, gogoz. Euskaraz, oinarrietatik ezagutzara.
Egilea: Arantza Jaka, Euskaraldiko arduradun Kristau Eskolan.