28 apirila, 2022

Blog KE Innova

Haurren heldutasuna eta segurtasuna indartzen aucouturier psikomotrizitatearen bitartez

Unibertsitatean nengoela ezagutu nuen Aucouturier Psikomotrizitate Praktika (APP) eta betirako lotu ninduen. Alde batetik, ikusi nuenean umeak nola ulertzen zituen eta izateko eta adierazteko zer aukera ematen zien, eta, bestetik, ezagutu nituenean helduoi umeei laguntzeko ematen zizkigun formakuntza eta lan esparrua.

Zertan datza?

Gure praktika zer den azaltzeko, lehenbizi zer ez den argitu beharko dugu, batez ere oraindik jende askok egiteko beste modu batekin lotzen duelako. Gure praktika ez da motrizitatea lantzen duen ariketa plan bat, ez da lateralitatea definitzeko eta koordinazioa hobetzeko teknika bat, ez da metodo bat, ez da esparru berezi batean gauzatzen den jolas librea. Gure psikomotrizitate praktika, hain zuzen ere, praktika bat da. Teorian oinarritutako praktika. Helduen aldetik formakuntzan landutako eta eraikitako jarrera eta teknikotasuna behar dituena.

APPan bi arlo bereizten ditugu: Hezkuntza eta Terapia. Hezkuntza arloa (7/8 urtera arte), bai gelako taldean bai eskolaz kanpoko ekintza gisa, prebentzio esparru handi bat da eta umeei laguntzeko oso tresna baliagarria helduentzat. Zailtasunak sortzen direnean eta zailtasun horiek taldeko hezkuntza psikomotrizitatean landu ezin direnean, umeak terapiara bideratu behar ditugu.

Oro har esanda, APPk umearen heldutasun prozesuan laguntzea du oinarri eta esparru eta material jakin batzuen bidez burutzen den praktika bat da. Eta bai, jolasaren bidez garatzen den praktika bat da, umea jolasteko, mugitzeko eta bere ekintzak garatzeko material jakin batzuen bidez gauzatzen dena, prestatutako esparru jakin batean: psikomotrizitate gela. Esparru horretan, jolasaren plazeraren bitartez, umeak barne segurtasun prozesuak eta funtzio sinbolikoa garatuz joango dira, komunikaziorako bidea erraztuko duen harreman dinamika batean.

Umea ulertzen dugu bere gorputz eta ekintzaren bitartez adierazten den gizaki oso gisa, zatikatu ezin den osotasunean. Umearen heldutasun prozesuak bilakaera bat du ekintzaren plazeretik pentsatzearen plazerera, errepresentaziorako bidean lagunduko dioten funtzio sinbolikoa eta deszentrazio gaitasuna (kognitiboa eta emozionala) eskuratuz.

Prozesu horretan, umeek, inguruarekin eta besteekin duten harremanaren bitartez, beren nortasuna, autonomia eta segurtasun afektiboa eraikitzen dituzte.

Dena dela, psikomotrizitate gelan bete beharreko lege eta arau batzuk daude, segurtasun fisikoa zein emozionala bermatzen dituztenak. Legea argia da: ezin daiteke minik eragin ezta minik hartu ere.

Umeei gelako mugak eta arauak argi jartzeak aukera ematen die askatasunez adierazi eta benetan diren bezala agertzeko. Gelan, umeek beren barne historia ber-gaurkotu dezakete, eta harremanean bizi, segurtasunean eraikiz. Umeentzako psikomotrizitate gela leku pribilegiatu bihurtzen da.

Psikomotrizitate saioetan, taldeak ibilbide bat gauzatuko du, eta psikomotrizitate gela umeekin eta umeentzat transformatzen eta egokitzen da, bi ardatz nagusi ditugularik: denbora eta espazioa. Horrela, saioak moldatzen dira hanbat adin eta momentutara, bai denbora bai materialaren aldetik (ez dira gauza bera bi urteko haurren talde baten saioa eta sei urteko haurrena).

Psikomotrizistaren lana umeei segurtasuna eskaintzea da: entzunez, onartuz, eutsiz eta ume bakoitzaren espresibitatea onartuz, eta umeak egiten duenari zentzua emanez bere begirada eta prestasunaren bidez. Eta prestakuntza prozesua ezinbestekoa da horrelako jarrera eta begirada dituen heldua izateko; esan bezala, epaitzen ez duen heldua eta umea den bezala onartuko duena. Umeak direlako protagonistak eta erdigunean kokatu behar ditugulako.

Mugimenduak, ekintzak eta jolasak ez dituzte helduek inposatu/zuzendu behar; aitzitik, sortu behar dira haurraren desiotik eta bere burua, inguratzen duen mundua eta ezartzen dituen harremanak nolabait menderatzea ahalbidetuko dioten baliabideen subjektu sortzaile izateko gaitasunetik”. Luzaro psikomotrizitate eskola.

Egilea: Olalla Aurrekoetxea Fernandez. Psikologoa eta Psikomotrizista, hezkuntzan eta terapian.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu