15 urria, 2021

Blog KE Innova

Eskola hezkuntzaren nazioarteko etorkizuna: Erasmus+ berria eta ikastetxeentzako akreditazioa

Denok ezagutzen dugu unibertsitate mailako Erasmusa eta askok oroitzapen ahaztezinak lotzen ditugu gure bizitzako esperientzia horrekin. Zinez, programak 30 urteak beteak ditu, eta milaka ikasleen ikasketa eta bizitzak aberastu ditu urte guzti hauetan. Egitasmoaren arrakastak Europar Batasunaren Hezkuntza arloko programa osoaren izen bezala hautatua izatera eraman zuen, eta honela, 2014 urtetik, Europako nazioarteko hezkuntza egitasmo guztien programa Erasmus+ deitzen da, plus horretan unibertsitate, lanbide heziketa, helduen hezkuntza, eskola hezkuntza, gazteria eta kirola kabitzen direlarik.

Erasmus+ programa bakoitzak 7 urteko iraunaldia dauka, eta arlo bakoitzean egitasmo, dirulaguntza eta aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Bestalde, programa bizirik dago eta aldiz aldi eraldatzen joaten da, beti ere Europar Batasunaren hezkuntza helburuei jarraiki momentuko beharrak asetzeko helburuarekin.

Honela, aurten aurkeztu da 2021-2027 Erasmus+ programa berria. Nobedade askorekin oraingoan, eta zalantzarik gabe, eskola mailako hezkuntzaren nazioarteko dimentsioa indartzeko apustu trinkoarekin.

Erasmus+ programa berriaren ardatzak: inklusioa eta baloreak, digitalizazioa, ekologia eta nazioartekotzea

Programaren helburu orokorra Europako hezkuntza sistemen hobekuntza bultzatzea da nazioarteko dimentsioaren balio bereizgarriaz baliatuz.

Bizi garen testuinguru eta gertakizunei erreparatuz, programaren ardatzak Europa sozial eta berde bat sortzeko oinarriak ezarri nahi ditu, bai eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko kalitatezko hezkuntza bermatu.

Nahiz eta arlo eta egitasmo desberdinak izan, programaren baitan bultzatutako ildo guztiek helburu estrategiko hauei erantzuten diete, beraz, haien baitan diren proiektu guztiek helburu hauekiko ditugun beharrak asetzeko gaitasuna izan behar dute:

  • Inklusioa eta baloreak: gizarte anitzak, toleranteak eta guztion oinarrizko eskubideak defendatzeko jarrerak bultzatu.
  • Digitalizazioa: gailu eta konpetentzia digitalen garapena bultzatzeaz gain, erabilpen egoki eta kritikoa egiteko gaitasunak landu.
  • Ingurumena: aldaketa klimatikoaren erronkaren aurrean kontzientzia, jarrera eta praktika ekologikoak sustatu.

Programaren helburu estrategikoak hauek badira, hauen sustapena bultzatzeko tresna nagusia proiektuek duten nazioarteko hartu-emanaren dimentsioa da. Erasmus+eko proiektuak beste edozein egitasmotik bereizten dituen oinarrizko balioa honetan datza: sustatzen dituen helburuak modu esperimental batean, beste herrialdeetako ikasle, irakasle, familia eta eragileekin elkarbanatzeko aukera, bai plataforma digitaletaz baliatuz, bai eta atzerrian jarduera ezberdinak elkarbanatzeko aukeren bitartez.

Unibertsitate garaian Erasmusa egiteko aukera izan genuenok lehenengo pertsonan bizi eta uztatu ditugu horrelako esperientzia batek eskaintzen dituen aberastasunak, bai akademikoki bai eta batez ere pertsonalki. Inongo zalantzarik ez dago nazioarteko esperientziek eskola mailan ere bultzatzeak hezkuntza komunitate osoan esperientzia aberasgarri eta hezitzaileak sortzeko duten potentzialaz.

Erasmus+ 2021-2027ren berrikuntza nagusia: Erasmus+ Akreditazioa, ikastetxeentzako finantziazio egonkorra eta prozedimendu sinplifikatua

Ikastetxe askok baduzue esperientzia nazioarteko egitasmoetan, baita Erasmus+ programaren baitan ere. Nahiz eta orain arte programak aukera ezberdinak eskaini jarduera ezberdinetan parte hartzeko, behin eta berriz agerian geratzen zen nazioarteko proiektuei jarraipena emateko zailtasuna: alde batetik, proiektuek epe zehatz eta labur bat zutelako, eta beste aldetik, proiektu bakoitza sortzeak eskatzen zuen inplikazioarengatik.

Honi dagokionez, Erasmus+ 2021-2027 programak eskola mailako hezkuntzaren aldeko apustu garbia egiten du Erasmus+ Akreditazioaren sorrerarekin eta zalantzarik gabe aro berri bat irekitzen du ikastetxeen nazioartekotze gaitasunean. Zinez, Akreditazioa lortzen duen ikastetxeak, programaren epe osorako finantziazioa bermatzen du eta proiektuak aurkezteko prozesua erraztu. Honela, ondorengo jarduerak aurrera eramateko baldintzak bermatzen ditu:

  • Irakaslegoaren mobilitatea: ikastaroak egiteko, atzerriko ikastetxeak bisitatzeko edota bertan egonaldiak egiteko.
  • Ikasleekin mobilitateak: bai epe laburrekoak bai eta epe luzekoak ere.
  • Atzerriko adituengandik formazioa jasotzeko aukera.

Kristau Eskolan: erreferenteak, aukerak eta laguntza

Ikastetxe guztientzako daude nazioartean aritzeko aukerak, baita ere lehenengo urratsak badira ere. Kristau Eskolan Kmmunity proiektuaren baitan jasotzen ditugu Erasmus+ekin lotutako egitasmo guztiak, eta hurrengo urteetan ere bidelagun izango gaituzue akreditazioaren inguruan aurrera pausoak emateko. Nondik hasi jakin nahi baduzue, hemen hainbat aukera:

  • Erreferenteak: gure sareko Donostiako Nazaret Fundazioak lehenengo txandan lortu du akreditazioa, eta esperientzia zabala dute nazioarteko proiektuetan. Esperientzia zuzenetik ikasi nahi baduzue, inongo zalantzarik gabe ezagutu beharreko proiektua.
  • Aukerak: norbere proiektuak garatzeaz gain, badago nazioartean hasteko eta kontaktuak egiteko beste bide bat: akreditazioa lortu duten ikastetxeekin elkarlanean aritzeko aukera, eta honela zuen ikastetxeetan atzerriko ikasle eta irakasleak jasotzeko bidea. Kristau Eskolan atzerriko ikastetxeen eskakizunak jaso eta sareko ikastetxeekin zabaltzen ditugu, nahi duenak harremanetan jarri eta atzerriko ikastetxeak eurean jaso ahal izateko.
  • Laguntza: formazio katalogoaren baitan, akreditazioa lortzeko ildo ezberdinak dituzue eta edozein zalantzetarako gurekin harremanetan jarri baino ez duzue.

Garena, elkarbanatuz aberastu

Erasmus+ akreditazioak gure hezkuntza proiektuak eta bertan parte hartze dugun pertsonen bizitza eta ibilbide profesionala aberasteko aukera paregabea ematen digu. Garen horretatik abiatuz, Europako beste herrialdeekin elkarbanatu, aniztasuna bultzatu eta haiekin elkarbanatu eta ikasitakoarekin, garen hori ere aberasteko ibilbide bat da. Espero dugu hurrengo urteetan askok egingo dugula bat bide horretan eta elkarrekin ikasten eta hazten jarraitu.

Kmmunity-ren inguruan Informazio gehiago:

Kristau Eskolako webgunean duzue proiektuaren informazio guztia. Ikusi hemen.

Egitasmoak eta berriak jasotzeko jarraitu Kristau Eskola sare sozialetan eta egon adi hilero bidaltzen dugun Kmmunity News buletinera.

Egilea: Elena Sánchez, Kristau Eskola-ko nazioarteko zerbitzu arduraduna.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu