11 iraila, 2020

Blog KE Innova

Egoera Berria

Ikasturte berria hastear dela, ziurgabetasuna da nagusi hezkuntza arloko eragileen artean, Covid-19ak sortutako pandemiaren fenomenoaren aurrean.

Benetan, isilean iritsi zen. Imajinatu genuen gripe bat izan zitekeela, zertxobait larriagoa agian, baina ez zen horrela izan. Gauetik goizera, iragarri ezinezko dimentsioa zeukan arazo baten aurrean ginen, non hezkuntza sistemaren eraikuntza osoa desegiten hasi baitzitzaigun. Eta ikusi genuen, batez ere, gure harremanen sistema osoa oinarritik desegiten; sistema bat, guztiz beharrezkoa dena gure hezkuntza proiektuaren garapenerako, gure izaerari eragiten baitio.

Denbora honetan, bakardadea, zaurgarritasuna, ziurgabetasuna eta erabateko mugatze egoerak bizi izan ditugu, eta heziketa emozionala sekula baino beharrezkoagoa izan da, nork bere emozioak erregulatzeko eta oreka pertsonala ez galtzeko.

Errealitate horrek guztiak harremanak izateko moduari eragiten dio, behartzen gaituelako kontaktua ez izatera, besarkada bat begiekin ematera eta ez besoekin, maskararen azpian irribarrea imajinatzera…

Nola izango da eskola errealitate berri honetan?

Konfinamendua protagonista izan genuen ikasturtearen azken lauhilekoaren esperientziak eskolak emateko modua eraldatu du, eskolak online formatuan eman behar izan baikenituen konfinamenduan.
Online formatuak alderdi positiboak izan ditu, baina baita zailtasunak eta gabeziak ere; tartean, desberdintasunaren arrakala eta haren muga emozionalak eta erlazionalak.

Ikastetxeek, hezitzaileek eta familiek ahalegin handi bat egin behar izan dute eskolekin jarraitzeko, eta eskertu behar zaie; ez dakit hezkuntza eragile guztiek ahalegin eta lan hori neurtzen jakingo dugun. Alabaina, azken lauhilekoan bizi izandako egoerak gauza bat jarri du mahai gainean:

Hezkuntzaren harreman osagaiaren garrantzi ordezkaezina, garapen oso, emozional, sozial, espiritual eta afektibo baterako.

Eskolan ez baitira bakarrik ezagutzak erakusten; haatik, bizitzan nola izan eta nola egon behar den transmititzen da, batez ere. Hori dela eta, egoera berri honetan, eskolan oinarri hauen gainean lan egitearen aldeko apustua egin dugu:

  • Aurrez aurreko eskolak ziurtatzea, irakasle-ikasleen arteko benetako harremana egoteko.
  • Laguntza garatzea, pandemiaren prozesu honetan nola familiek hala komunitateko kideek jasan dituzten egoera zailak arintzeko.
  • Ikasle guztiei bitartekoak bermatzea, ikasturtean eman daitezkeen egoera guztiei aurre egiteko. Eta horrela teknologia arrakalaren aurka borrokatzeko.
  • Malgutasunez jokatzea, sor daitezkeen ezustekoen aurrean beharrezkoa den erantzuna emateko.
  • Lidergo eta talde lanaz aritzea, lankidetzan oinarritutako lidergo estiloak sustatuz eta erreferente bihurtuz gaizki pasatzen ari diren familientzat.
  • Konfiantza eta transzenditzeko gaitasuna eskaintzea. Garrantzitsua da espazioak sortzea maitatua izatearen esperientzia edukitzeko, bizitzen ari garen horri zentzu bat emateko.
  • Hezkuntza komunitatea indartzea, hezkuntza jardunean erantzunkidetasuna ahalbidetuz.
  • Pertsonaren osagai soziala azpimarratzea, beste dimentsioa, hots, pertsonala lantzearekin batera; izan ere, biek batera ahalbidetzen dute hezkuntza integral bat.

Egilea: Mikel Ormazabal, Kristau Eskolako Zuzendari Nagusia

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu