5 apirila, 2023

Blog KE Innova

Bizitza berri baten gonbidapena

«Larunbata igaro eta asteko lehen eguna argitzean, Magdalako Maria eta beste Maria -beldurrez- hilobia ikustera joan ziren. Bat-batean, lurrikara gogorra gertatu zen…». Agian, testu moduan ez zaigu ezaguna gertatzen Mateoren Ebanjelioko pasarte labur hau, baina bai baitan aurkitzen edota agertzen den mezua. Azken aldi honetan, bereziki, inguruan gertatzen ari diren hainbat egoera kontutan edukiaz, gure hezkuntza-komunitateak bizitzen ari denetik hasita, esan dezakegu ‘bat-batean lurrikara gogorra’ sentitu dugula. Eta, horrek, hilobi baten iluntasuna, ezina, isiltasuna, zalantza gordinak, itoaldia, hustasun utsala, heriotza, hilobia… bizitzera garamatzake. Beldurrak berekin daraman arriskuarekin, gainera: erabat geldo geratzea. Ulergarria, bestalde. Oso gizatiarra den zerbait. Maria biei gertatu zitzaien bezala; baina, aurretik, beste askori gertatu zitzaien bezala. Agian, ez zait, inoiz, neuri ere gertatu? Zein garrantzitsua elkar ulertzea eta elkarren bidelagun izatea! Arintzen du eta arnasberri gertatzen da arruntena den horretan bakarrik ez sentitzea; gainera, arruntena den horretan, hain zuzen, ezohikoak gertatzen dira. Aipaturiko Mariei gertatu bezala, aurretik eta ondoren, gaur arte helduaz, askori gertatu bezala.

Eta, agian, ezohiko ukitu txiki, xume bat nahikoa eraldaketarako, aurreko testuak zerbait aurrerago esango digun bezala “…norbaitek -argi bereziaz, berezko argiaz- hilobiko harria biratu eta gainean eseriaz”, sakon-sakoneko konbentzimenduaz, hauxe aipatzea: “Zoazte…”. Esanez bezala, “ez gelditu beldurraren, ilunpearen, zentzugabekeriaren hatzaparretan katramilaturik; elkarrekin eta elkarturik, egoera ilun honi argitasuna aurkitu; elkarrekin eta elkarturik bide berriak egiten ikasi eta eraiki”. Edota, beste modu batera esanda: “pausu berri bat eman!”. Egia da, horretarako, formula zehatzik ez dagoela, baina egiaz eta soseguz -honek ez du esan nahi minik edota egonezinik ez dagoenik-, bihotzez eta Bizi gehiago baten desioan elkarturik, errazago gertatuko da “larunbateko” hurrengo eguneko lehen argiak ‘aste’ berri, ezberdin bati hasiera ematea. Eta, hain zuzen, hori Piztueraren, sortzen ari den Bizi berri baten bizikizuna ere izan daiteke; ahalbideratuz, bizitza bera Bizitza berri bat izatea.

Horretara deituak gara. Lehenik eta behin, norberarengan, baina hezkuntza komunitatea bezala, baita ere. Gainera, gure orainak eta lurraldeak itotzen, ixten, iluntzen duten hilobi ugariren harria biratzeko beharra daukate, Bizitza berri baten Argia eskainiaz, egiazko bizitzazko aukerak eta espazioak eskaini ahal izateko.

Zentzuzko pausu berriak emateko beharra dago. Pazkoaren beharra dago. Elkartu eta lagun gaitezen horretan eta horretarako. Gure hezkuntza-bokazioa Pazko bizikizun bihur dezagula.

Egilea: Arantza Jaka. Pastoraltza arloa, Kristau Eskola

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu