Kristau Eskolaren hasiera-hasieratik, pertsonak izan dira gure jardueraren ardatz, gure jarduerari zentzua ematen diotenak. Gure jardunak ez du zentzurik baldin eta pertsonak erabateko garapenerako prestaketan laguntzen ez badu. Pertsonen hezkuntza premiak erantzutea dugu helburu, ekitatearen eta aukera berdintasunaren ildotik, ahulenekin batik bat, bidezkoagoa solidarioagoa izatea nahi dugun gizarte batean. Erantzunkizun handia dugu gure ikasleekiko eta, are gehiago, bizi garen munduaren ezaugarri nagusia etengabeko aldaketaren azkartzea denean; etengabeko aldaketa horrek ziurgabetasuna eragiten du, eta, aldi berean, erronka eta aukera berriak sortzen dira.
Atzera begiratuta, historiari eta zientziari erreparatuz gero, bilakaera baten emaitza garela ikusiko dugu, erronketara egokitzeko eta erronkak gainditzeko prozesuaren emaitza, eta prozesu hori gure munduaren eraketarekin batera garatu izan da denboran zehar. Ekintza txiki eta handiak batuta, urrats erraldoiak egin ditugu. Mundua, beti bilakaeran dagoen mundua, gaur egun den bezalakoa da gizakia errealitate berriei erantzuteko gai delako, mendez mende agertu zaizkion gorabehera eta mugen aurrean konponbidea aurkitzeko gai izan delako.
Hezkuntzaren munduan, berrikuntza, ikastetxe bakoitzeko proiektuetan estrategikoki txertatutako prozesu jasangarritzat hartuta, konstante bat izan da, ikaskuntza indibidualaren eta kolektiboaren ikuspegiak eta metodologiak moldatzeko aukera eman digun konstante bat, eta, horri esker, ikasleek konpetentziak barneratzen dituzte; hain zuzen ere, etorkizunean beren gaitasun guztiak garatu eta baliatzeko aukera emango dieten konpetentziak.
Pandemia garaian, egoera jakin batzuei aurre egin behar izan diegu, ustez gure errealitatea zenarekin kontraste egiten zuten egoerei eta, horregatik, lehentasunak berraztertu behar izan ditugu, bai pertsonei dagokienez, bai gizarteei, oro har, dagokienez. Horretan guztian, berrikuntzaren aldeko apustua indartu egin da, gizartea eratzeko elementu erabakigarria den aldetik. Berrikuntzaren prozesuak, kasu askotan, baliabide handiak eskatzen ditu. Hala ere, ekarpen orori ematen diogu balioa, ekarpen txikia izan arren, errealitatea hobeto ulertzen laguntzen badu eta ezagutza handiagoko gizarte bidezkoago eta solidarioago baterantz aurrera egiten badu.
Hezkuntzaren arloko eragileok ikaskuntza prozesuaren elementuak aztertzen ari gara, eta gogo biziz lantzen ari garen elementuetako bat ebaluazioa da, berrikuntza prozesuan ere berezkoa den aldetik, pertsonentzat zentzua izatea eta emaitza bat lortzea eskatzen dituelako. Kontua ez da berritzea berritzeagatik, xede inspiratzaile bat eman behar diogu, elementu nagusia pertsona izanik, ez bitarteko gisa, baizik eta hezkuntza ekintzaren helburu gisa.
Kristau Eskolan berrikuntzaren bektorea aspalditik ari da lantzen.
Atzera begiratuz gero, 2021eko ikastetxeek ez dute antzekotasun handirik duela urte gutxi batzuetakoekin, eta berrikuntza prozesuan aurrera egin dugula egiaztatu dugu. Gure ikastetxeen etorkizuna planifikatzean ikuspegi horri eusteko garaia da. Beraz, ez gaitezen kikildu etorkizuna eraikitzeko erronkaren aurrean, gaurko eta biharko ziurgabetasunak gainditzeko erantzunak bilatzen aurrera egiteko erronkaren aurrean.
Egilea: Agustin Eizagirre, Kristau Eskolako Zuzendariorde Nagusia