25 urtarrila, 2021

Blog KE Innova

AMAURRETIK MUNDURA Erasmus + programari esker

Gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan, funtsezkotzat jotzen dugu gure ikasleengan nazioarteko, kulturarteko eta mundu mailako ikuspegia txertatzea. Alderdi hauek “lehen pertsonan” bizitzea eta sentitzea garrantzitsua dela kontuan izanik, Erasmus+ programak guztiz erakarri gintuen eta erabateko murgiltzea egitea adostu genuen proiektu batean modu aktiboan parte hartuz.

SOS, Save Our Second Languages” du izena gure europear proiektuak.

Urtebete daramagu Finlandia, Irlanda eta Maltako ikastetxeekin batera proiektua garatzen. Abiapuntu amankomuna: hizkuntza eta kultura gutxitu bat izanik guztiok, hizkuntzok zabaltzea eta ezagutaraztea. Hots, horretan datza gure Erasmus + proiektuaren funtsa eta nahia.

Bi urteko iraupena du. Maltan eman genion hasiera “Kick off meeting” deritzan lehen bilera baten bitartez. Bertan, ikastetxe bakoitzeko irakasle ordezkariok proiektuaren helburua gauzatzeko ekintzak ezarri genituen. Orduantxe eman genion hasiera, ilusioz beterik, Erasmus+ bidaiari.

Tamalez, proiektua sortu eta berehala, COVID-a sartu zen gure bizitzetan eta jardueren derrigorrezko aldaketa egin behar izan genuen, besteak beste, herri batetik bestera ezin bidaiatzea. Ondorioz, gure arteko harremana eTwinning plataforma bitartez gauzatzen ari gara batik bat. Modu birtualean ezezik, ekintza fisikoak egiteari ere eutsi diogu. Abenduan, adibidez, Finlandiara maleta bat bidali genuen gure euskal kultura zabaltzeko asmoz, bertan batu genituen: liburuak, euskal soinuak, argazki bildumak etab…. Modu berean, Amaurre Ikastetxeko ikasleek, Maltako maleta jaso dute orain gutxi.

Oraindik ere mesfidati bazabilzate Erasmus + proiektu batean parte hartzeko asmoetan, anima zaitezte; anitzak dira gainditu beharreko erronkak, baino are eta anitzagoak jasoko dituzuen sariak eta momentu goxoak. Aukera ezin hobea eskaintzen digu Erasmus+ programak Europa elkar banatzeko eta aberasteko. Aprobetxa dezagun.

Egileak: Leire Robina eta Olaia de Lorenzo, Amaurre Ikastetxeko irakasleak.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu