13 abendua, 2022

Blog KE Innova

‘LARRAMENDI BIDEA’, egiteko beste modu bat…

Amesten dugun eskola errealitatera ekartzeko aukera egongo balitz, nolakoa izango litzateke? 2018an galdera honekin hasi zen dena. Garaiko eskola eragile guztiekin (familiak, ikasleak, langileak…) eta iraganean izandakoekin ortzi-muga komuna irudikatzen hasi ginen. Eskolak, bertatik igarotzen zen pertsona orori bere bizi-zentzu propioa eraikitzen laguntzeko balio behar zuen. Horretarako hainbat printzipio adostu genituen: pertsona errepikaezina eta bakarra da, pertsonak garatzeko komunitate osasuntsu baten beharra du, maitasuna errealitatearen indar eraldatzailea da eta traszendentziarekin diaologoak garrantzia du bizi-zentzuaren eraikuntzan. Denok ulertzeko moduan: eskolatik pasatzen diren pertsonek beraien burua, eskola eta mundua maitatzen, ulertzen eta hobetzen ikasi behar dute.

Maitatu, ulertu eta hobetu, hezkuntzaren hiztegira honela itzuli ditugu: inklusioa (pertsona orok babestuta sentitu behar du eskolan), transferentzia (gelan gertatzen denak zentzua izan behar du eguneroko testuinguruetan) eta ahalduntzea (ikasleek begirada propioa izan behar dute). Eta hemen etorri zen gure erronka: nola lortu inklusioa, transferentzia eta ahalduntzea 0-18 urte bitarteko etapa bakoitzean?

Urteetako lana teknizismoz estali beharrean, agian, lagungarriagoa da argazki bat: DBHko klase batera sartuko bagina, lehenago bi gela edo talde zirenak espazio zabal eta bakarrean ikusiko ditugu elkarrekin, hiruko taldeetan lanean. Ez dugu klase magistralik entzungo eta ikasleei galdetzen badiegu, ez dute jakingo zein ikasgairen ordua den. Kurtso guztia erronkatan oinarritutako bederatzi proiektu interdisziplinarrretan antolatu dugu eta gure plataforma digitalean eskegitako informaziotik abiatuta aurrera atera behar dituzte ikasle taldeek. Inguruan, haien jornada osoa klase horretan ematen duten irakasle talde txikia izango dute, momentu oro klasean gutxienez hiru eta, hauetatik at, praktiketako irakasleak eta boluntarioak (ikasle ohiak, familiak…) ere izango dira. Helburua: taldeen jarraipena gertutik egitea. Taldeka lantzen dutenak, ikasleari balio dio banaka eta astero egiten dituen hainbat froga gainditzeko. Hortaz, ebaluazioak hainbat momentu ditu. Batetik, taldeka egiten duten lana eta bestetik, hor ikasitakoarekin egin behar dituzten banakako lanak eta azken erronka indibidual bat. Froga bakoitzaren ondoren, zuzenketa bat jasotzen du ikasleak hobetu ahal izateko. Aldi berean, ikasleei eta lan taldeei hainbat baliabide sortu dizkiegu, norberak bere lana ebaluatzen ikasteko eta pixkanaka, inoren laguntzarik gabe, ibilbide akademikoan aurrera egiteko. Baliabide hauek bai familiek eta bai eskolak ikusgai ditu momentu oro.

Gainontzeko etapetan eredua zehazki errepikatzen ez bada ere, bidea beretsua da: metodologia aktiboak, ikerketa, belaunaldiarteko proiektuak, heldu anitz klase barruan, familiekin elkar-lana… etapak behar duena inklusioa, transferentzia eta ahalduntzea bermatzeko. Eskola irekiago baten aurrean gaude, eragile guztien artean erabakiak hartzeko aukera duena.

Seguru askok emaitzen kezka izango duela lerro hauek irakurtzean. Baina eraldaketa honen ortzi-mugan ere hori zegoen. Emaitza sozialak nabariak dira: gatazken kopurua eta larritasuna jaitsi da. Emaitza akademikoak hobetu dira orokorrean eta nabarmen arreta indibidualizatuagoa behar duten ikasleengan. Beste argazki bat: lan talde batean bi ukraniar daude elkarrekin. Bat iritsi berria, besteak urteak daramatza hemen. Gure lan formatuak lan egiteko aukera ematen dio iritsi berriari. Dagokion mailan dago ikasgai gehienetan, gaztelanian eta euskaran hobetu behar duen arren. Irudikatu egoera hau aurreko formatuan, Gizarte edo Biologia ikasgaietako azalpen magistralak entzuten.

Seguru aurrerantzean hobekuntzak egingo ditugula baina amesten genuen eskolara gerturatzen gaituen bidea, elkar maitatzeko, ulertzeko eta hobetzeko bidea, hasia dugu: Larramendi Bidea.

Egilea: Jokin Guilisagasti, zuzendari pedagogikoa, Larramendi ikastetxea.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu