31 martxoa, 2023

Blog KE Innova

Liburuetako marrazki eta hitzek sortutako fantasia baino hoberik ez dago

KIRATSA album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakusoaren abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatzen dira.

Etxepare saria 2012

Ilusioz egin genuen album ilustratua eta ilusioz jaso genuen Etxepare Saria irabazi genuenaren berria.

Kiratsa albumeko bi egileak Galtzagorri Elkarteak antolatzen duen Biko-teka lantegian ezagutu ginen, beraz, ez genuen aurrez elkarrekin lan egiteko betarik izan. Dena dela, elkarrekin erraz eta gustura lan egin eta gero, ez dirudi lehen aldia izan denik ere. Oso ongi moldatu gara hasieratik. Ibanek umorez, kolektibotasunez eta profesionaltasunez bete du sormen prozesua eta, proiektu kide eta lagun bezala, lan-giro ederra sentitu dut. Eta asko ikasi dugu elkarrekin ere: batetik, ez dela ideia onenaren bila joan behar, baizik ideia bat hartu eta ondu. Eta, bestetik, elkarlana eta errespetua behar dela sorkuntzan; lana bakoitzak beretik eta elkarrekin aldi berean aprezioz egitea.

Tailerrean bertan, ideia batetik besterako jauzian atera zen usaimenen gaia, Iban eta biei erakargarri egin zitzaiguna. Horrela sortu genuen txakur anosmiko bat, usaimen gabea, eta usainak ezagutarazten lagunduko zion kukuso bidai-laguna. Haurrek badakite usain goxoak eta ez horren goxoak badaudela, badakite txakurrek usaimen ona izan ohi dutela eta zikina-garbia dikotomia nahiko barneratua izan ohi dute txikitatik. Beraz, hori oinarri hartuta, bidaia komiko eta abenturazale bat besterik ez genuen egin nahi, usaimenarena istorioa eta irakurlea gidatzeko tresna bat bilakatu da azkenerako. Baina, noski, nazka eta gozamena adierazten duten onomatopeietan eta Ibanen ilustrazioetan usaimenak joko handia eman du.

Beraz, kosta ala kosta, ideia horri segiko geniola adostu genuen: kontua ez baitzen istorioaren argumentua aski interesgarria zen baloratzea, baizik eta istorio horren garapena, kontakera, pertsonaien ahotsa eta eszenen irudia zein izango zen lantzea. Hor mamituko baitzen kontakizuna.

Eta halaxe hasi ginen. Ibanek, pertsonaien irudien bila, txakur arrazen katalogo bat egin zuen kasik, eta animali bakoitzaren izaeran oinarritutako janzkera eta eszenatoki iradokitzaileak proposatu zituen. Nik, bien bitartean, lan egiten dudan Errenteriako Arte Eskolako haurrekin elkarbanatzen nituen Ibanen zirriborroak eta istorioa hainbat modutara kontatzen nien, haiei ere kontaketan parte hartzeko aukera emanda. Eta hortik abiatuta, sortu ziren pertsonaien izenak eta izaerak. Ondoren, hautua izan da errimekin jolastea, onomatopiak sartzea eta umoretik egindako kontakera erabiltzea. Eta, prozesuaren amaiera aldera, testua ilustrazioekin batera ikustea gozamena izan zen: bi lanen fusioen emaitza, bakoitzak beretik emana, baina elkarrekin sortua.

Ni pertsonalki testu laburren zalea naiz eta hizkera bihurritzeak aukera eman dit pertsonaiekin jolasteko. Ahozgora kontatzeko kontakizun bat da, esaldien eta irudien nahasketarekin etengabe mugimenduan dagoena. Ñimi kukusoak ‘ki-ki, ke-ke’ esaten du beti eta bere salto txikiekin bat egiten duten hotsak dira horiek. Berdin gertatzen da Pantxi txakurrarekin; bere hizkera ez da horren bizia eta zaunka egin ostean galdera motzak egiten ditu, geldotasuna ematen dio horrek pertsonaiari. Eta, nola ez, animali bakoitzak bere onomatopeia duenez, oso baliagarria izan da horrekin jolastea kontakizunaren dinamismorako. Ezaugarri horiek guztiak, jostagarri izan daitezke haurrek ipuina irakurri edota entzuteko garaian.

Sormen prozesu osoan zehar gure inguruko haurren iritzia egon da eta ez dago ezer hoberik haur batek ‘eta gero zer gertatzen da istorioan?’ galdetzea baino. Halakoengatik, fantasiazko ipuinak idazten jarraitu nahiko nuke eta oraindik esku artean ezer ez dudan arren, badut gogoa. Kiratsa albuma bada Iban eta biok elkarrekin egin dugun lehen lana, baina beharbada ez da bakarra izango. Gora irudimena!

Egileak: Eider Pérez Adeletx (testua) eta Iban Illaramendi (irudia).

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu