19 apirila, 2023

Blog KE Innova

La Asunción-Mira Cruz ikastetxea Europako Parlamentuko enbaxadore

2022ko iraila ezkeroztik Europako Parlamentuko enbaxadore da La Asunción-Mira Cruz ikastetxea, EPAS izenez ere ezaguna dena. 60 ikasle eta 17 irakasle dira ekimenean modu aktiboan parte hartzen dutenak, baino intentzioa da beren lanaren bitartez, eta jarduera ezberdinak abiatuz, ikastetxe guztiko hezkuntza komunitatean eragina izatea europar balioak ezagutarazi eta sentipena indartze aldera.

Ikastetxearen sorrera jatorri frantsesekoa izanik, Europarekin lotura berezia izan du betidanik. Halere, eta azken urteotan bereziki, nazionalitate anitzeko ikasleak batzen dira bertan, 23 guztira. Herrien arteko elkartasuna eta elkarrekiko errespetua lantzea eguneroko kontua da. Hizkuntza bizikidetza aldetik ere aniztasuna nabaria da, 17 hizkuntza ezberdin erabiltzen dira ikastetxeko familien egunerokoan.

Europar Batasunarekin lerrotzea hezkuntza komunitate guztia inplikatuz gauzatzen da, balioetan oinarrituriko hezkuntzan hezituz: bakea, segurtasuna, errespetua, eta, orohar, gizarte kohesionatu baten alde lan eginez.

Nola ekin zenioten Europako parlamentuko enbaxadore izateari?

2021-2022 ikasturtean hasi ginen. 400 ikastetxetik gora egin genuen eskaera eta 117 ikastetxe izan ginen hautatuak. Berri ona jaso eta berehala martxan jarri ginen 2022 urteko irailean.
Ikastetxe guztiari zuzentzen zaion programa izan arren, enbaxadore rola dugun ikasle zein irakasleok betebehar eta ardura bereziak ditugu.
Ikasleen artean 60 enbaxadore junior dira eta irakasleen artean 6 enbaxadore senior. Horrez gain, eta modu berezian, Europa taldea deritzan irakasle multzoa ere badugu 17 kidez osatuta. Guztiek badugu zeregin propio bat: badira komunikazioaz arduratzen direnak, dela sare sozialen bitartez Europari buruzko informazioa zabalduz, dela etapa ezberdinen artean informazioa igorri eta egokitzeaz arduratzen direnak. Europako delegaritza ezberdinekin harreman zuzena mantentzeko lana ere burutzen dugu, Europa Direct bulegoarekin besteak beste, zeinak hezkuntza munduarekin harremana duen eta Europatik datorren informazio gaurkotua eskaintzen digun. Erasmus + programak, noski, espazio berezia hartzen du, formakuntza eginez edota ekimen desberdinetan parte harturik, tartean, ikasleen artean horren preziatuak diren ikasle mugikortasunak baita ere.

Zeintzuk dira programan parte hartzearen onurak?

Orohar, EPAS programak onura ugari eskaintzen dizkio ikastetxeko hezkuntza komunitate osoari, besteak beste, bizi garen gizartearen dimentsio globala ulertarazten laguntzen digu eta erakundeak hezkuntza mundura gerturatzen. Ikasleak ere animatzen ditu bizi garen gizartean, eta Europar ikuspegitik, parte hartze aktiboago bat izaten, ardura eta zeregin ezberdinak bere gain hartuaz, ikasiz, elkarbanatuz eta Europarekiko sentipena piztuz. Ikasleen arteko kreatibitatea eta parte hartzea areagotu egiten da beren arteko eztabaida sustatuz, eta ez ikastetxean solik, beren familiekin eta etxeetan ere, Europarekiko ezagutza eta gertutasuna gizarte osora zabalduz.

Gaia lantzeko material berezirik ba al duzue?

Europar Parlamentuak baliabide ugari biltzen dituen Moodle bat du, zeinaren bitartez Europa gaia ikasgai ezberdinetan landu dezakegun, eta hizkuntza anitzetan gainera. Gure kasuan, batik bat, lau hizkuntza dira egunerokoan darabilzkigunak: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa, eta guztietan ditugu material nahiko eta sakonak gaiak behar bezala landu ahal izateko etapaz-etapa.

Zein jarduera antolatzen dituzue Europa gaiaren inguruan ezagutza zabaltzeko?

Urtean zehar ugariak dira burutzen ditugun lanketa eta jardunaldiak, baino, bakar batzuk azpimarratzearren honako hauek aipatuko nituzke:

  • Maiatzaren 9a, Europaren Eguna, oso modu berezian ospatzen dugu ikastetxe guztia inplikatuz, barne ekintzak direla edota ikastetxe inguruko gertuko gizartean eraginez, guztietan ere Europar herrien arteko elkartasuna eta ezagutza sustatze aldera.
  • Europako instituzioak bisitatu eta bertan antolatzen diren hainbat ekintza edota bilkuretan parte hartzeko aukera izaten dugu, dela Bruselan, Estrasburgon eta, baita, estatu kideen hainbat herrialdeetan ere.

Urte amaieran ebaluazio sakona egiten da, buruturiko ekintzen inguruan ezezik, eurek izandako zuzeneko eraginean baita ere. Modu horretan, ongi buruturiko ekintzekin segi eta zuzendu beharrekoak moldatzen dira.
Europa gertu sentituz eta ezagutuz, ikasteko eta lanerako eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea errazagoa da.

Hurrengo urratsak zeintzuk izan dira?

Akreditazioa lortzea, helburu nagusi izanik Europarekin zubiak indartzea eta herrialdeen arteko elkarlana eta elkar ezagutza sustatzea; betiere, gure balioak eta balorea oinarri harturik.

Egilea: Esther Castiñeira. DBH eta Batxilergo zuzendari pedagogikoa, eta EPAS programaren arduraduna. La Asunción-Mira Cruz ikastetxea, Donostia.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu