23 abendua, 2022

Blog KE Innova

Jaiotza kontenplatzea bizitzari lekua egitea da

Abendualdia begirada fintzeko, bizitzan erreparatzeko eta hor Bizia aurkitzeko une berezia da. Sakontzeko, non oinarritzen garen jabetzeko, eta zentzunez bizi ahal izateko bidea garbitzeko aldia.

Zerbait berria ernetzen ari da, oroitzen zaigu. Eta, berez, zerbait berria den hori liluratzen, ikusgarria, entzuten den han aurkitu nahi dugu; ahazturik kimuak txikiak izaten direla, ez dutela zaratarik egiten, nahiko ezkutuan daudela…, eta erne aurkitzen den baina, aldi berean, gelditzeko gai den begirada baten beharra daukatela, ahaleginak aintzat hartuaz. Beste batzuetan, aldiz, berritasun hori guztiz ezberdina bezala, egunerokotasunarekin zerikusi gutxi duen ezohizko zerbait bezala ulertzen dugu…, gure sakona, gure bizitza, gure egitekoa ukituko ez duten aldaketak aurkitu nahian.

Eguberrialdia eskerroneko, harridurarako, ospakizunerako, isiltasunerako, entzuteko garaia da. Egunerokotasunean, hau da, egunero bizi ditugun hainbat eta hainbat egoeretan, pertsonengan, beraien guztiengan, nahiz eta batzuengan desitxuratua iruditu, Jainkoaren presentzia hartzeko eta onartzeko garaia. Zeren, “Jainkoaren Hitza haragi egin dela”, sinisten eta ospatzen badugu, beste modu batera gerta ote daiteke?

Eguberriak oroitzen digu Jainkoa, jada, hemen dagoela. Jaio zela eta egunero jaiotzen dela; Jainkoa gutako bakoitza egin dela, gure abentura berdina biziaz. Eta, horrek, begirada berri, sakon bat eskatzen du, ustez ondo ezagutzen dugun horretan sortzen ari den zerbait berri horri antzemateko. Zerbait berri horri sakonean aurkitzeko lagunduko digun begirada. Ikusten duen begirada baino haratago dijoana, bizitzaren zentzua eta opari den hori zeharkatzen duena.

Jaiotza kontenplatzea ahultasunean, zaurgarritasunean, babesgabetasunean, garrantzitsuak ez diren leku eta moduetan ernetzen den bizitza aitortzea da. Eta, aldiz, ez gutxitan gainera, gotorleku hautsezinetan babes bila sumatzen gara, izen handia duten lekuak eta estiloak irrikatuaz.

Jaiotza kontenplatzea bizitzari leku egitea da; eta hori onartzen dugularik, zaintzera eta laguntzera garamatza, hainbat eta hainbat pertsonen bizi-patuarekin bat eginez, eta zarataren artean isiltasuna egitera gonbidatuaz; guzti horri gure baitan leku eginez bere mezua guregan haragi egin dadin. Orduan, agian, ahultasun eta zaurgarritasun asko (kontrakoa adierazten duten itxuren atzean ezkutatuta egon arren, batzuetan) geureganatzea, zaintzera eta laguntzera deituak gaudela antzemango dugu; bizitzarekin konprometitzea, aurkitzeak ahalbideratuz eta prozesuak lagunduz, gu geu ere gure bizitzan jaio eta elkarbanatzera gonbidatzen gaituen Jainko horrengatik eutsiak sentitzen garelako.

Jaiotza kontenplatzea kimuak dakarkigun etorkizun berri baten aukera aitortzea ere bada. Bizitza aurrera doala sinesteak itxaropenezko jo-muga ematen digu eta oraingo eta hurrengo belaunaldiei geure onena ematera bultzatzen gaitu. Jakinik, gainera, elkarrekin bidea eginez, erronkak eta ametsak elkarbanatuz, mundu bizigarriago baten alde pauso berriak emango ditugula, etxe bera elkarbanatzen dugun familia bakar bat bezala sentituaz.

Egilea: Ana Zubiri, Ebanjelizazio Ekintzaren koordinatzailea, Jesuitinak Donostia ikastetxea

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu